Daily Archives: enero 24, 2018
ETBn euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez bultzatzeko eskatu dute
Lea-ArtiBAI Euskarari elkartea eta Uema iaz hasi ziren proiektua lantzen, eta Urola Kosta eskualdea batu zitzaien gero. Orain, hainbat kirolarik eta kultur eragilek bat egin dute.
Euskal Herriko hedabideetan —batez ere, ETB2n— euskararen presentzia handitzea eta kazetariak herritarrei erdaraz egiteko ez eskatzea euskararen arnasgune diren eskualdeetara doazenean. Helburu horiekin jarri zuten martxan iaz komunikazio protokolo bat Lea-ArtiBAI Euskarari elkarteak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Urola Kosta eskualdeko ordezkariak batu zitzaizkien gero. Besteak beste, EITBko arduradunekin zenbait bilera egin zituzten.
Bi eskualde horietan hasitakoari jarraipena emateko, Euskal Herri osoko hanbat kirolari eta kultur eragile elkartu zaizkie orain. Lea-Artibain eta Urola Kostan abiarazitako protokoloa Euskal Herri osora zabaldu nahi dute. Hainbat lagunek bat egin dute proiektuarekin: besteak beste, Andoni Egaña bertsolariak, Pako Aristi idazleak, Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileak, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreek, Aitor Gorosabel eta Mikel Markez musikariek eta Iñaki Artola pilotariak, besteak beste.
Donostian egin zuten atzo agerraldia ekimena babestu duten hainbat kulturgile eta kirolarik, eskaera zehatz hau egiteko: “EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen edo ez”. Agindua arau bihurtzea da haien desioa. ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde izeneko gutuna bidali diote EITBko zuzendaritzari. “Ez dago imajinatzerik ere hizkuntzaren normalizazioari zer mesede egingo liokeen ETB2n euskara gero eta gehiago entzuteak. Ikusgarritasuna emango lioke, entzungarritasuna, bizitasuna, gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke”. Ekinbidea beren egiteko deia egin diete euskal herritar guztiei: “Kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezen, bere gain har dezaten hitzaren ardura”.

600 sakandarrek Etxarriko osasun zerbitzuak euskalduntzeko eskatu dute
Durango EHE Durango, Uncategorized 0
Eskariak Osasunbideari igortzeko eskatu dute. Kasu egin ezean, Arartekoari eta Behatokiari bidaliko dizkiete.
Etxarriko Osasungintza Euskaraz lantaldeak bultzatuta Mediku euskalduna nahi dut kanpaina egin da apirila erdialdetik hona. Eskaera hori egiten duten 592 sakandarren sinadurei Sakanako ikastetxe publikoetako orientatzaile guztiak eta ibarreko bi ikastolak batu zaizkie. Kanpaina Etxarritik kanpo zabaldu dute, Etxarriko Oinarrizko Osasun Eskualdeak Urdiain eta Lakuntza arteko herritarrak artatzen dituelako eta Emakumeari Laguntzeko Zentroa Sakanatik Leitza alderaino iristen delako.
Etxarriko alkate Eneka Maizek Etxarriko Osasun Etxeko zuzendaritza euskararen erabilera bultzatzeko lankidetzarako prestutasuna nabarmendu zuen; “baina haien esku ezer gutxi dago. Egungo egoeraren ardura Nafarroako Gobernuari dagokio”. Hari zuzendutako eskaeretan plantilla organikoan euskara eskakizuna zehaztea eskatu dute, lehenik. Bigarrenik, dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea. Eta, azkenik, idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila (hizkuntza paisaia, agiriak, zitazioak, txostenak, aholku-zerrendak…). Maizek berak aurkeztuko ditu eskaerak heldu den astean.
Jasotako sinaduren aurkezpenean Etxarriko EHEko Maider Ansak gogora ekarri du Nafarroako Euskararen Legearen 10.1 artikuluak osasun zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea aitortzen duela: “Nafarroako Gobernuak, ordea, behin eta berriz entzungor egin dio bere eginbeharrari. Etxarriko plantilla organikoa ikustea besterik ez dago: 4 mediku lanpostutatik 1ek eta 4 erizain lanpostutik 2k dute hizkuntza eskakizuna” adierazi zuen Ansak. “Egoera are larriagoa da Emakumeen Laguntzarako Zentroan lanpostu bakar batek ere ez baitu hizkuntza eskakizunik”, gaineratu zuen.
Ikastetxeen kexa
Sakana-Larraun-Leitza Eskola Barrutietako ikastetxeetako orientatzaileek salatu dutenez, “Orientazio Psikopedagogikoaren alorrean (…) Etxarriko Emakumeen Arretarako Zentroan diharduen sexualitaterako hezitzaileak funtsezko paper bat betetzen du”. Patxi Satrustegi: Aralarko Mikel Donea institutuko orientatzaileak gaineratu zuenez, “bere zereginen artean daude: aholkularitza lanak (bilerak, aholkuak, materialak…) orientatzaileekin, irakasleekin eta guraso elkarteekin; eta saio zuzenak ikasleekin ikasgeletan eta Arreta Zentroaren erakustaldietan”.
Orientatzaileen ordezkariak salatu zuenez, “Sexualitatearen Heziketa euskaraz eskaintzeak eskubidea izateaz gain oinarrizko behar bat da eskola komunitatearentzat. Kalitatezko Hezkuntzaren garapenak eta bermeak hizkuntzaren, Euskararen, betekizuna bere baitan behar du, berezkoa du”. Ikastetxeetatik, beraz, “Etxarri Aranatzen aritzen diren Emakumeen Arretarako Zentroko langileak euskaldunak izatea” galdegin dute. “Sexualitatearen hezkuntzan Sakana-Larraun-Leitza Eskola Barrutietako ikastetxeetan aritzen den profesionala” bereziki. Ikastolek eta zenbait irakaslek ere bere egin dituzte kanpainako eskaerak.
Usurbil eta Orioko bake epaitegian euskarazko zerbitzua bermatuko da laster
lasterbi Albisteak, Justizia 0
Bestalde, justizia euskalduntze aldera, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko euskara batzordeak “Justizia euskaraz, zergatik ez?” jardunaldia antolatu du ekainaren 27an.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, Usurbil eta Orioko bake epaitegian euskarazko zerbitzua bermatuko da laster. Usurbil eta Orioko alkateek, eta UEMAko lehendakariak bake epaitegian euskarazko zerbitzua bermatzeko eskaria egin zuten. Ondotik, Arartekoak ere Orio eta Usurbilgo Bake Epaitegiko idazkari lanpostuaren hizkuntza eskakizunaren derrigortasun data aurreratzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari. Eskaera horien ordain, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, laster sortuko da hirugarren hizkuntza eskakizuna ezarriko zaion lanpostua.
Egun euskaldunontzako ez dago justiziarik. Horren erakusgarri, euskaraz soilik egiten den epaiketarik ez dago gaur egun. Justizia esparruan ematen den euskararen erabilera eskasaren arrazoiak aztertu nahian, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko euskara batzordeak “Justizia euskaraz, zergatik ez?” jardunaldia antolatu du ekainaren 27an.
Batzordeak adierazi duenez, Elkargoko abokatu guztiak euskaraz zein gaztelelaniaz jarduteko gai izanagatik, “gaur egun ez dago euskaraz soilik egiten den epaiketarik. Guztietan itzultzailea erabiltzen da”.
Jardunaldia Bizkaiko Abokatuen Elkargoko areto nagusian hasiko da 10:30etan, eta doan izango da kolegiatu guztientzat. Egitaraua Elkargoko webgunean kontsultatu daiteke.
“Udalak eta biok, euskaraz” eskaera gehiago tramitatu dituzte Durangon
Bostehun herritarretik gorak egin dute jada eskaera. Herritarren eskaerei jaramon egin diezaien galdegin diote udalari.
“Udalak eta biok, euskaraz” dinamikaren baitan, Durangoko EHEko kideak aste honetan berriro ere udaletxera joan dira herritarren eskaerak tramitatzera.
Azaldu dutenez, azken hilabeteetan Durangoko hainbat elkarte, eragile eta norbanakorekin bildu dira “dinamika hau azaltzeko, indartzeko eta atxikimendua lortzeko asmotan”. Udalean sartutako bostehundik gora eskaera dira lan horren fruituetako bat.
“Udalarekin harreman oro euskaraz izatea eta zehazki udalaren ardurapean dauden espazio ezberdinetan arreta euskaraz bermatzea” da eskaera. Espazio horiek, besteak beste, kiroldegia, zahar etxea, pinondo etxea edota musika eskola dira.
Salatu dutenez, “iaz tramitatutako eskaeren aurrean Durangoko Udalaren erantzuna eta jarrera ez zen bat ere arduratsua izan”. Datozen lau urteetan “erantzukizunez jokatzea, eskaeretako nahia entzun eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko erabakiak hartzea” espero dute.
Dinamika honetan parte hartu duten herritar, elkarte eta eragile guztiei eskerrak eman ondoren, oraindik inplikatu ez diren eragileei “denon artean Durango euskaldunago bat eraikitzeko” deia egin diete.
“EH euskaldunari ateak ireki” behin betiko ponentzia eskuragarri jarri du EHEk
lasterbi Albisteak, Orokorra 0
Dokumentuan jasotzen den ildo teorikoa praktikara eramateko euskaltzale guztion iritzia eskatu du eragile euskaltzaleak. Zeregin eta lan-ildoen lehentasun-maila baloratzeko taula zabaldu dute.
“Iritsi gara Izan, Egin, Eragin gogoetaren amaierara. Gogoeta mamitsu eta aberasgarriaren ondoren, Euskal Herriaren berreuskalduntze-prozesuak datozen urteetan izan beharreko helburu eta ezaugarriak zehaztu ditugu, eta, horiek erdiesten laguntzeko, EHEk izan beharreko izaera eta jorratu beharreko ildoa adostu dugu. Eskertzekoa da gogoetan zehar egindako batzarren parte hartzea, izandako eztabaidak eta jasotako ekarpenak. Guztion artean euskararen berreskurapen eta normalizaziorako ildo eraginkorra definitu dugula uste dugu. Milesker denoi!
Nondik hasi?
Orain, ildo teoriko hori praktikara eramateko unea da. Berreuskalduntzean jauzia ematera goaz, eta horretarako abiapuntu egokia jartzea gakoa izango da. Helburu horrekin, ildo orokor horren inplementazioan Euskal Herrian Euskaraz nondik hasi behar den zehaztea dugu hurrengo urratsa. Hau da, datozen bi edo hiru urteetan EHEk zein lan-ildo jorratuko dituen aukeratzeko unea dugu. Gogoetaren filosofiari jarraiki, hau da, EHE euskaltzale guztien tresnatzat hartuz, euskaltzaleak zuen iritzia ematera gonbidatu nahi zaituztegu. Horretarako taula lagungarria prestatu dugu. Bertan gogoetaren idazkian jaso ditugun zeregin eta lan-ildoak zerrendatu ditugu, eta luzatzen dizuegun proposamena horien lehentasun-maila baloratzea da. Jasoko ditugun erantzun guztiekin bataz-bestekoa egin ondoren, emaitzen hurrenkeraren arabera finkatuko ditugu EHEren hurrengo urteetarako lehentasunak.
Beraz, zuk ere zure ekarpena egitera gonbidatzen zaitugu. Jaitsi taula, lehentasunen mailaketa egin, eta, martxoaren 2a baino lehen bidali ezazu ehe@euskalherrianeuskaraz.org helbidera.”