“EH euskaldunari ateak ireki” behin betiko ponentzia eskuragarri jarri du EHEk

Dokumentuan jasotzen den ildo teorikoa praktikara eramateko euskaltzale guztion iritzia eskatu du eragile euskaltzaleak. Zeregin eta lan-ildoen lehentasun-maila baloratzeko taula zabaldu dute.

“Iritsi gara Izan, Egin, Eragin gogoetaren amaierara. Gogoeta mamitsu eta aberasgarriaren ondoren, Euskal Herriaren berreuskalduntze-prozesuak datozen urteetan izan beharreko helburu eta ezaugarriak zehaztu ditugu, eta, horiek erdiesten laguntzeko, EHEk izan beharreko izaera eta jorratu beharreko ildoa adostu dugu. Eskertzekoa da gogoetan zehar egindako batzarren parte hartzea, izandako eztabaidak eta jasotako ekarpenak. Guztion artean euskararen berreskurapen eta normalizaziorako ildo eraginkorra definitu dugula uste dugu. Milesker denoi!

Nondik hasi?

Orain, ildo teoriko hori praktikara eramateko unea da. Berreuskalduntzean jauzia ematera goaz, eta horretarako abiapuntu egokia jartzea gakoa izango da. Helburu horrekin, ildo orokor horren inplementazioan Euskal Herrian Euskaraz nondik hasi behar den zehaztea dugu hurrengo urratsa. Hau da, datozen bi edo hiru urteetan EHEk zein lan-ildo jorratuko dituen aukeratzeko unea dugu. Gogoetaren filosofiari jarraiki, hau da, EHE euskaltzale guztien tresnatzat hartuz, euskaltzaleak zuen iritzia ematera gonbidatu nahi zaituztegu. Horretarako taula lagungarria prestatu dugu. Bertan gogoetaren idazkian jaso ditugun zeregin eta lan-ildoak zerrendatu ditugu, eta luzatzen dizuegun proposamena horien lehentasun-maila baloratzea da. Jasoko ditugun erantzun guztiekin bataz-bestekoa egin ondoren, emaitzen hurrenkeraren arabera finkatuko ditugu EHEren hurrengo urteetarako lehentasunak.

Beraz, zuk ere zure ekarpena egitera gonbidatzen zaitugu. Jaitsi taula, lehentasunen mailaketa egin, eta, martxoaren 2a baino lehen bidali ezazu ehe@euskalherrianeuskaraz.org helbidera.”